Ez dakit zein hizpidek eraman gintuen emakume baten izena aipatzera. Solaskide nuen edadetuak, natural-natural bota zuen: «Bai. Hura Miss Korea izatera iritsi huen». Sekula entzun gabea nintzen halakorik. Galdezka hasi nintzaion...
Kontatu zidan, garai batean, duela hirurogeita gutxi urte, izan zela bolada bat gure herrian Miss Korea hautatzen zutena. Festa bat antolatzen omen zuten herriko talderen batentzat sosak lortzeko edo, eta oilasko errea, musika, dantza... eta Miss Korearen hautaketa izaten zirela gauaren pizgarri. Gogoan dut ume ginela belarrimotz, koreano eta mantxurriano hitzetik hortzera erabili izana, baina bi komunitateen talka Miss Korea izendatzeraino hel zitekeenik ez nuen sumatu ere egiten. Gatozen tokitik etorrita, integrazio kontuetan hain gaizki ere ez gabiltzala pentsatu beharko da.
Miss Korea hautatzeko garaian Julio Romero de Torres margolaria izango zuten eredu segur aski. Kordobatar hark ezarri zuen emakume andaluziarraren irudi ohikoa XX. mendearen hasieran: eder, beltzaran, begi handi eta ezpain gorrizta. Baditu, ordea, frankismoak hainbeste hauspotu ez zituen bestelako emakume andaluziarrak ere. Batak pistola bat darama eskuan. Besteak, petxu bat agerian du, eta eskuan labana. Haiek missago dira niretzat...
HITZ ETZANAK
Korea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu