Lehen orrietan argazki arras desberdinak. Gehienetan, poza eta euforia. Kolore gorria. Edo Kopa baten zilar-kolorea. Xanpaina parrastaka. Eta hitzak. Hitz hutsak.
Gure lehen orrian, tristura eta etsipena. Nekea. Kolore beltza. Foku triste bat ñirñirka itsasoaren iluntasun mugagabeari ardora apur bat marrazten diona. Hitzik ez. Tarteka haur-zotinen bat.
Hotz-beroek sortzen dute sumina. Eta baita horrelako kontraste muturrekoek ere. Niri, punttaren bati heldu behar eta, distantzienak eman dit min. Nahi dutenean eta nahi bezala itzuli dira Berlindik Madrilera futbolariak. 24 orduan edozertarako denbora izan dute. Eskueran zituzten, beste mila konturen artean, beraientzat propio jarritako hegazkina eta hirian mugitzeko autobus gaingabetu irrigarria. Aldiz, Aita Mari erreskate-ontziak 1.611 kilometro —870 itsas milia— egin beharko ditu Libia inguruko uretan erreskatatu zituen 34 migratzaileak lehorreratzeko. Italiako Gobernuak Ravennako portura behartu ditu. Ez zegoen ba, gertuago besterik! Onenera, datorren ostiralean iritsiko omen dira. Horretantxe zait kontrastea mingarrien. Dena duenari erraztasuna. Zailtasunak deus ez duenari. Eta lehen orriak lehen orri, audientziek argi erakusten dute zeri begira gauden.