Tarteka, zeure burua aurkitzen duzu egin behar ez lituzkeen gauzak egiten. Eta kokoteko bat ematen diozu hurrengoan horrelakorik egin ez dezazun berriro…
Joan zen igandean, berripaper honen Nasan gehigarrian, Julia Guillamon idazle bartzelonarrari elkarrizketa. Argazki bat, handi samarra, elkarrizketa ilustratzeko. Krakatekoa sentitzen duzu. Julia Guillamon izena eta argazkian azaltzen den gizonezko itxurako hori ez datoz bat. Transa ote da? Ez-bitarra? Hanka-sartze bat egin ote dugu —egunkarian partaide sentitzen zara dagoeneko— eta ez dagokion lekuan jarri ote dugu argazkia? Ez zaizu akatsa izango denik iruditzen, Jon Urberena baita, eta ez agentzia batek auskalo nondik igorria… Wikipediara jo duzu gauzak argitze aldera. Eta han jabetu zara azentuan zetzala gakoa. Juliá Guillamon dela idazlea. Eta nolabait, lasaitu egin zara. «Ondo» dago dena.
Orduan sentitu duzu bigarren krakatekoa. Nola «ondo» dagoela dena? Zeri begira katigatu zara? Zeu zara azentua behar ez lukeen tokian jarri duena. Zeu, elkarrizketan bere azken liburuaz dioena irakurri ordez, identitatearen zurrunbilo horretan, inork horretara derrigortu gabe, bere burua sartu duena. Zer axola zitzaizun, ba, zer den eta zer ez den? Ez zara aski azkar ikasten ari. Nasan zaude eta trenak badoaz. Espabilatu beharra daukazu. Kokoteko bat zeure buruari.