andoni egana

Kaxmir

2025eko apirilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Jertseengatik ezagutu genuen guk. Entzute hutsa. Sekula ez genuen ongi zaindu eta tentuz garbituz gero pinportarik sortzen ez zitzaien jertse haietako bat izan. Garestiegiak. Baina ikasi genuen bazirela Kaxmir-ko jertseak. Katuen berri iritsi zitzaigun gero. Ba omen zen katu klase bat oso berezia, Kaxmirren…

Euskal mendizaleak Karakorum-era joaten hasi zirenean jakin genuen Kaxmir lurralde bat zela, eta ez edozein lurralde. India eta Pakistanen artean zatiturik zegoen eta beti zen borrokagai. «Badakizu arma nuklearren jabe zenbat herrialde diren?» galdetu zidan behin Albertok. Sorbaldak harrotu nizkion eta izendatzen hasi zen: «AEBak, Frantzia, Errusia, Hego Korea, Israel, Txina, Erresuma Batua… eta India eta Pakistan». Ulertzekoa zen herrialde aberatsenek dirua horretan xahutzea. Baina pobreenek? Kaxmir daukate tartean. Eta munduko biztanleen bostetik bati eragiten dio zuzenean gatazkak.   

Atzo, berripaper honetan, lehen orriko behealdeko izkina batean, albiste laburra: «Indiaren eta Pakistanen arteko tentsioa berpiztu da, Kaxmirren atentatu bat izan delako». Zegoen tokian zegoelako, bola bat eginda mahaipean dagoen katua zirudien albisteak. Baina erne katu hori zutitu eta erasokor jartzen bada! Askori eragingo dio atzamarkadak. Bitartean gu, ondo. Interneten ikusi dut badirela katuentzako Kaxmirreko jertseak salgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.