andoni egana

Kasualitateak

2025eko apirilaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hotz handiagoa egiten al du, eguraldi makurragoa, apirilaren 23an baino urriaren 7an? Urteren batean bai. Hurrengoan ez. Kasualitate kontua…

1926an, Liburuaren Eguna ospatzea erabaki zuten Espainian. Urriaren 7a aukeratu zuten, Miguel de Cervantes idazlearen jaiotza eguna zelako. Lasterrera konturatu ziren idazlearen jaiotza egun hori ez zela seguru-segurua, eta liburuak kalera ateratzeko eguraldi goxoa komeni zela. Udazkenetik udaberrira pasatu zuten 1930ean Liburuaren Eguna. Apirilaren 23a hautatu zuten orduan, egun hori baitzen Miguel de Cervantes eta William Shakespeare hil ziren eguna. Kasualitatea baliatu nahi izan zuten. Baina, kasualitatez, oker zebiltzan. Cervantes apirilaren 22an hil zen, nahiz 23an lurperatu zuten. Eta Shakespeare, berriz, maiatzaren 3an, garai haietan britainiar irletan eta Espainian zerabilten egutegia ez baitzen bera. Aisa egin zuen bide egunak. Kasualitatez, Katalunian Sant Jordi ospatzen zuten apirilaren 23an, eta arrosa bat oparitzeko ohiturari liburua oparitzearena erantsi zitzaion… Duela hogeita hamar urte, Unescoren eskutik mundura hedatu zen joera: Liburuaren Eguna apirilaren 23an. 

Kasualitatearen indarra neurgaitza da, ordea. Gaur bete dira hogei urte Youtubera lehen bideoa igo zutenetik. Ez zuen liburuekiko sentiberatasun handirik erakutsi eguna hautatu zuenak...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.