Erraiak atximurkatu dizkit Donibane Lohizunekoak. Kasualitate hutsa. Asteazken goizeko bederatzietan labankadez eta haurrez idazten ari nintzen zutabe honetarako. Ordu bertsuan, hamasei urteko gazte batek labankadaz hil zuen irakasle bat ikasgelan, arbelaren aurrean.
Ulertzen dut garunak zahartzera egiten duela, eta une jakin batetik aurrera zenbaiten buruak ez dituela konexioak lehen bezala egiten. Ez diren gauzak ikusten hasten dira; gertatu ez diren elkarrizketak irudikatzen dituzte; ez dauden lekuetan daudela iruditzen zaie. Baina hamasei urterekin? Zerk eragin dio osatzen ari den garun horri? Polizia jardueratik kanpoko erantzunak eskertuko nituzke. Zer irakurri du umetan? Zer entzun? Zer ikusi? Ze adinetan izan zuen sarbidea Interneten? Noiztik uzten zioten gurasoek sakelakoa entreteni zedin eta bakean utz zitzan? Ze Whatsapp taldetan zebilen? Non eta nola ikasi zuen aizto bat hain modu eraginkorrean erabiltzen?
Ez bat eta ez bi. Mundua bera dabil senetik irtena. Atzo iluntzean, adineko gizonezko baten tabernako erreakzioa: «Ahotsak entzuten zituela buruan? Ez nire semea balitz! Belarrondoko bat ondo emana eta hartara, ahotsak ez, hotsa bakarrik entzungo likek puska batean. Burrundara. Piiiiiii». Ez dirudi irtenbiderik egokiena...
HITZ ETZANAK
Kasualitatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu