Huskeria irudituko zaizue, baina niri ez dit graziarik egin. Niretzat, Donostiarekin loturiko Kasilda bat eta bakarra zen, Txertoa argitaletxeak Luis Jiménez de Aberasturiren Casilda miliciana liburua atera zuenetik.
Casilda Hernáez Vargas Zizurkilgo Fraisoron jaio zen 1914an. Umetatik Donostiako Egia auzoan bizi izan zen, eta gaztetatik azaldu zituen bere jarrera iraultzaileak. Fabrika batean greba antolatu; Groseko hondartzan biluzik ibili; gizon-emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatu… Neskato zela propaganda politikoa ibiltzen zuen saskian. Errepublikaren azken garai gogorretan, lehergailuak. Atxilotu egin zuten 20 urte eskas zituela, eta Hondarribiko Guadalupeko gotorlekura lehenik eta Madrilgo Alcaláko kartzelara eraman ondoren. Bi urteren buruan irten zen, Frente Popularrak garaipena lortu zuenean. Irunen eta Aiako harrian borrokatu zen frankisten kontra. Eta ihes jo zuen Iparraldera, eta handik Katalunian barna berriz penintsulara sartu zen Madrilen defentsan aritzeko. Gerra galduta, iheslari, Frantzia aldean ibili zen eta azkenik Miarritzen kokatu… Bizitzaldi bete-betea emakume harena.
Horrexegatik ez dit egin grazia handirik aurten San Tomas egunez Konstituzio plazan erakutsiko duten txerriaren izena Kasilda izateak. Donostiar gehiagoren interesa piztuko du ahardiak emakumeak baino. Horrela doakigu…