Bagabiltza aurten ere Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bertsozale Elkarteak hitzarturiko programa baten eskutik zaharrentzako egoitzetan. Bi bertsolari joaten gara egoitzetara, bat nagusia eta bestea gaztea, gizonezkoa eta emakumezkoa. Bertso saio bat egiten dugu bertan egoiliarrentzat. Ordubeteko jardun soila izan ez dadin, gu joaten garenerako abesti batzuk prestatzen dituzte bertakoek gure bertsoekin tartekatzeko. Eta kantatu egiten dituzte, bakoitzak bere ahalmenarekin, taldean. Horretarako aukeratzen ditugun kantuak errazak eta ezagunak izaten dira. Gaztetatik dakizkitenak: Anttoni, Anttoni, Behin batian Loiolan, Ameriketara joan nintzan… Gustura aritzen dira. Funtzionatu egiten dute. Eta, hara, ezustekoa eman zidan arrebak. «Badakik amari ze kantu gustatzen zaizkion? Alaskarenak!». Bekainak harrotu nizkion. Baietz. Gustura aritzen zirela ahots gora kantuan «a quién le importa?»-ka. Hasierako harridura gainditu nuen. Zergatik ez? Ez gara gu modernitatea asmatu genuenak. Ahaztu egiten zaigu egun oso adintsu diren horiek ez direla beti zaharrak izan. Gure amak berrogeita-asko ez zituen, Alaskak kantu hura hedatu zuenean…
Irribarrea loratu zait, urte gutxi barru zaharrentzako egoitzetan Beatlesen Yellow Submarine, Massielen La, la, la, Errobiren Telebista edo Brassensen testamentuarena ere kantatuko ditugula irudikatzean.