andoni egana

Kanoikadak

2024ko ekainaren 4a
05:00
Entzun

Konfetiaroa dugu hau. Batik bat, ekainarekin iristen direlako kirol lehiaketen azken ekitaldiak. Eta txapelduna edo txapeldunak izendatzean, konfetiak ezinbesteko bihurtu direlako.

Konfiteak eta konfetiak. Nekez ikasi nituen bereizten, akaso hitz biek erro bera dutelako. Konfite hitzaren esanahia ikasi genuen lehenengo umezaroan, gehienetan zentzu metaforikoan. «Ardi-konfite guztiak zapaltzen dituk, baldartzio horrek!», egingo zizun errieta amak, mendi buelta bat ematen ari zinetela. Konfetien ezagutza gerora etorriko zen, festa, danborrada, karroza eta gisa horretako ekimenetara hurbiltzen hasi ahala.

Orain, konfetiek gaina hartu diete konfiteei. Orain, ospakizun oro da konfeti-festa. Eta niri, batzuetan, ez zait egokiegia iruditzen. Paper printzarik gabeko irribarre bat aurkitzea kosta egingo zaizu argazki edo irudietan. Poza ere soilegia da, nonbait, egungo gure begi-belarrientzat. Berdinik ez duen zerbait, poza, berdintzea lortzen du konfeti jaurtiketak. Gainera, eskuz barreiatuak balira, gaitz erdi. Baina kanoien bidez jaurtitzen dituzte. Atzo, buruz buruko pilota txapelketaren sari-emate ekitaldian hala bota zidan lagun batek: «Poza ere kanoikadaka adierazten badugu, nola ez dugu, ba, haserrea kanoikadaka adieraziko!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.