Ez du auzoko Mielmarik bota; ez dira hitzok piura txarreko edozeinek esanak; ez dira tabernako berriketaldi batean txikito artetik irtenak. Antonio Guterresek, Nazio Batuen Erakundeko buruak esan ditu. Badaezpada, diot. «Hondamendira daraman autobide batean goaz, eta geu ari gara azeleragailuari kalka eta kalka». Alegia, erremediorik gabeko tonto-tuntunak garela, klima aldaketarena bigarren mailako arazo lainotzat hartzen badugu. Ez da hitz hutsetan geratu. Proposatu du erregai fosilen arloko enpresen aparteko irabaziak zergapetzea. Zerga horien diruarekin klima krisiaren ondorioz galerak eta kalteak jasaten dituzten herrialdeei lagundu behar litzaiekeela erantsi du. Munduan, batzuk xahutzen dugula eta besteek nozitu. Ukraina eta Errusiaren arteko afera ere erregai fosilen jabetzak sortua dela. Argi esatea da. Eta asmoak ez du akatsik.
Gero hori noiz eta nola gauzatuko den? Auskalo! Ni neu, zaharregia naiz itsu-itsuan deus sinesteko. Eta gazteegia, etsi-etsian ezer ez dela aldatuko pentsatzera iristeko. Nori lagundu behar zaion ebazten errazagoa da. Ondoezik gutxi, eta gaixorik jende asko dauzkaten lurralde haiei lagundu behar zaie. Izan ere, gurean, ongizatea nagusi den lurralde honetan, ondoezik jende gehiago baitago gaixorik baino.
HITZ ETZANAK
Kalka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu