Joan zen astearteko hitzak dira honakoak, telebistaz futbol partida bat ikusten ari nintzela entzunak: «Ez dut ulertzen nola baliogabetu daitekeen gol hori. Ez zait buruan sartzen. Botaren puntarengatik! Askotan badirudi ahaztu egiten zaiela futbola, nagusiki, ikuskizuna dela. Jendeak sarrera ordaintzen du golak ikusteko, eta ez botaren puntagatik gol bat nola baliogabetzen duten jasateko!».
Makina baten bidez neurtu zuten jokoz kanpokoa, eta irudietan ongi ikus zitekeen jokalari bat jokoz kanpo zegoela. Baina gola baliogabetu zioten taldearen aldekoa zen telebista esatari hura, eta ezin izan zuen diximulatu. Gol baliogabetua bere taldearen aurkakoa izan balitz, makina izango zen mundiala. Aldekoa zenez, zen dudakoa. Eta makinaz duda egitea oso zientziaren aldekoa ez denez, komenentziara interpretatu zuen jendea zer ikustera joaten den futbol zelaira.
Ez dut, hau idazteko orduan, AEBetako presidentetzarako hauteskundeen azken emaitzen berri. Donald Trumpek ere ez, duela pare bat egun. Baina bota zuen berea: «Emaitzak, direnak direla, onartu egingo ditut». Aurrerapausoa iruditu zitzaidan. Esaldiaren azken zatia entzun nion arte: «…justuak baldin badira». Futbol esatariak jendea futbolera zertara joaten den zekien bezala, honek badaki emaitza justuak zein diren. Bere aldekoak, noski! Adingabetzat hartzen gaituzte. Edo okerrago: adimengabetzat.