andoni egana

Justizia

2024ko maiatzaren 18a
05:00
Entzun

Mutikotan ikasi nuen Txirritak mutikotan bota omen zuen bertsoa. Eseri dira afaltzera gurasoak, Txirrita eta anaia. Egin dute banaketa. Eta mutikoari, azkarra eta gosetia bera, ez ondo iruditzen. Hala bota omen zien gurasoei: «Gure etxean sartu dira sei sardina/ nik hau ez det topatzen justizi berdina./ Guretzat bana eta zuentzako bina/ gutxinez behar gendun bana ta erdina». Banaketa haren justiziarik ezaz ari zen Txirrita…

Erkidegoko Voxekoek ez dute Joxe Manuel Lujanbio erreferentziatzat hartuko segur aski. Baina ereñotzuarraren oso antzeko purrustada egin berri dute Eusko Legebiltzarrean egokitu zaien bulegoa dela eta. Hauei ere ez zaie iruditzen «justizi berdina». Bulegorik txikiena eman omen diete. Ordezkari bakarra izatea ez omen da aski arrazoi. Bakarra omen du Sumarrek ere, eta hauei bost metro karratu handiagoko bulegoa eman omen diete. 22 beraienak eta 27 besteenak. Iraingarri zaie hainbesteko estualdia. Duela hamazortzi urte Etxebizitza ministro zen batek esan zuen 30 metro karratuko etxe batean bizi zitekeela. Pobreen etxea izan daiteke txikia; aberatsen bulegoak handia behar du.

Juztizia eske dabilen haurrari jaramon egin behar zaio; gutizia eske dabilen heldua badakizue nora bidaltzen den gure usadioan, ezta? Txakurraren salara!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.