andoni egana

Jostaguda

2023ko abenduaren 1a
05:00
Entzun

Nafarroakoa eta Bizkaikoa, bi bertsolari txapelketaren finalak, datozen bi asteotan. Zeren bila doa entzulea? Ze jarrerarekin joan behar du bertsolariak? Badakigu txapelketak txapelketa direla, baina lehia mota hori izendatzeko modua bera ere aski berria da...

1935eko lehen Euskal Herriko bertsolari txapelketa hari, Bertso-gudua deitu zioten. Lehia lehia da, baina gudu deitzea gehitxo da egungo belarrientzat. Eskerrak apaiz-jendea bazen antolatzaileen artean! Nola deitu behar zioten bestela?

Bazen beste hitz bat lehenago, bitxia, atentzioa ematen duten horietakoa. XIX. mendearen bukaera aldera eta XX.aren hasieran, Lore-jokoen inguruan indartu zen. Bertsolarien lehiak antolatzen ziren —certamen izendatzen zituzten gazteleraz— eta euskarazko ordaintzat jostaguda hobetsi zen. «Euskaldun bertsolari eta soiñujoleen bilkida eta jostaguda Donostian 1879ko agorrillaren 7 garren egunean». Jostaguda! Larramendi lurrin handia duen hitz horrek, ezerk baino hobeto adierazten du zer den bertsolari txapelketa oro. Jolasa, batetik; gudua, bestetik. Aurrena jolasa ordea. Eta final batean parte hartu behar duen bertsolariak, aurreko egunetako ezinegona ongi saihestuko du bere baitarako esanez: «Tira... Ez da jostaguda bat besterik!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.