Gizonezkoen errejiladun zapatak baino zaharkituagoak geratu diren gauzak badira. Telebistako barre latakoak; errejidoreak eskaturiko txaloak; politikari edo agintari bati babes tankera emateko argazkirako atzealdean azaltzen den jende taldea… Lehen ere jakin bagenekien ez zirela zinezkoak ez barreak, ez txaloak, ez atzekoaldeko pertsonak. Baina ohituagoak geunden. Orain, asmoak dekodifikatzen ikasi dugunean, irrigarri zaizkigu.
Aste honetan, egunkari honen Mantangorri gehigarrian, Trump da protagonista nagusia. Ongi iruditzen zait. Gaztetxoek mundua hobeto ezagutzeko aukera izan behar dute. Eta izan, ez dira gu baino kokoloagoak. Izatekotan, eskarmentua dute urriagoa. Hainbat jolas, karikatura eta gainerakoren artean, argazki bat. Aurrealdean Trump erasokorra. Bere eskutik Melanie emaztea. Eta atzealdean sei lagun babesle. Lau gizonezko eta bi emakume. Nagusia bat. Bi ertainak eta gazte samarrak hiru.
Gaztetxoentzat begi-zolitasun eta irudimen jolasa. Sei horietan zein ari dira benetan txaloka? Nor ari da irribarre zinezkoa egiten eta nork marraztu du irribarre erdi bat argazkirako? Nor izango da urte batzuk barru sei horietan goraino iritsiko dena? Nor etsaituko da egun lagun dituenekin? Nor atzemango dute lapurretan? Zergatik? Aurrekoarengandik zer ikasi gutxi dago. Atzekoengandik dexente gehiago.