Bera izan zen onena. Hala aitortu dute aho batez. Nico. Sekulako txalo zaparradak entzun ditu asteburuan. Eta ezagutzen dutenek merezi zuela diote. Izugarrizko ahalegina egiten duela egunero entrenamenduetan. Orduak sartzen dituela latz. Nekez galtzen duela kontzentrazio gaitasuna. Harreman ona duela taldeko gainerako partaideekin, kirol-zuzendari, entrenatzaile, psikologo, masajista... Eta kazetarien aurrean ere gero eta hobeto moldatzen dela, nahiz berez lotsati samarra izan.
Nico honek Villalba du deitura eta argentinarra da. Berak irabazi du, Donostiako Kursaalean oso final ona jokatu ostean, LaLigaFC Pro Cup deritzan hori. Futbol bideojoko bat da, arras ezaguna nonbait... bere jarraitzaile pila, diru-sari ez nolanahiko eta telebista orduak dituena.
Nico hau ez da Iruñekoa, azal kolore argiagoa du eta ez dakit lasterka ze abiadura harrapa dezakeen. Baina asteburu berean biak protagonista izanak egungo jendartean erreala eta birtuala zeinen erraz nahas daitezkeen erakusten digu. Nire belaunaldikoentzat Williamsek sekulako meritua du eta Villalba ez da jolas hutsal batean nabarmendu den mutiko abila baino. Belaunaldi gazteagoetakoek esan dezakete ordea: «Jolasa? Bideojoko deitzen diogu. Hutsala? Bestea ere ez al da aski hutsal?».