Gazteen deskonexio politikoaz mintzo zen Ane Larrinaga soziologian doktorea joan zen igandean egunkari honentzat Isabel Jaurenak egin zion elkarrizketan. Mundua, ingurua, bere burua… ulertu nahi duenarentzat askotariko gakoak eskaini zituen.
Esaldietariko bat honakoa zen: «Gazteen artean, eta populazio orokorrean, gero eta ohikoagoa da praktika politiko indibidualizatuak garatzea. Esate baterako, euskaraz hitz egitea, harremana ikuspegi feminista batetik garatzea, birziklatzea, garraio publikoa erabiltzea, zero kilometroko elikagaiak kontsumitzea…».
Pertsonala politikoa da, bai. Populazio orokorrean ere gertatzen dela aipatzen zuen Larrinaga andereak, eta nik, gazteak atzenduta, erretiroa hartu berritan sasoiko dauden pertsona horiengan iltzatu nuen pentsamendua. Euskaraz hitz egiteko aukera ezin hobea dute —bilobek errazten diete bidea—; zero kilometroko elikagaiak kontsumitzea komeni zaie —osasuna—; garraio publikoa erabiltzea ere bai —bista ez da lehengoa—; birzikla dezakete zintzo —presa ez da aitzakia orain—; eta ikuspegi feministagotik harremanak lantzen hasi daitezke —adinak kalpar asko umiltzen du—. Eta askok bereganatu egiten ditu joera berriak. Zaharrak berri esamoldeak bestelako zentzua hartzen du horrelakoetan…