andoni egana

Jaio eta hil

2025eko otsailaren 13a
05:00
Entzun

Nork lortzen du gaur egun jaio zen etxe berean hiltzea? Oso gutxik, etxe hori erietxe ez bada behintzat. Garai batean gehiago ziren jaiotako etxe berean hiltzen zirenak, baina orduan ere ez hainbeste. Asko maizterrak ziren; beste asko bizimoduak auskalo nora eramaten zituen; beste batzuk ezkontzean bikotekidearen etxera aldatzen ziren…

Familiak diru dexente zuen. Eta etxetzarra Gasteizen. Horrek asko errazten du toki berean jaio eta hiltzearena. Hori lortu zuen Fernando de Amárica margolariak. Laurogeita hamar urtez bizi izan zen, eta jaiotako etxean hil. Eta ez pentsa beti han egon zenik. Zuzenbide ikasketak Valladoliden egin zituen. Margogintzarako trebetasuna Madrilen garatu zuen Sorollarekin. Eta, gerora, ibili zen Parisen, Erroman, Florentzian, Milanen, Napolin… 

Fernando de Amáricaren ezaugarri hori etorri zait gogora Arabako Foru Aldundiak bere izena daraman erakustaretoa ixteko erabakia hartu duela jakitean. Margolariak 90 urtez iraun zuen; arte erakusketa aretoak 35 baino ez ditu bete zabalik. Euskortasunak ez duela deus balio dirudi. Egoskortasunak eragin handiagoa du. Baina foru aldundian ezagutuko dute Amáricaren beste ezaugarri bat: zahartzaroan itsutu egin zen. Eta halere margotzen segitu zuen. Nola egiten zuen? Ez dakit. Itsututa aurrera egin badaiteke, itsualdi baten ostean egin daiteke atzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.