Txiste bat, gaztetxo nintzela zaharrek kontatzen zutena, eta bere garaian oso txarra iruditzen zitzaidana: «Ohitura handirik ez zuen baina joan da baserritar bat hirira. Egin ditu han egin beharrekoak eta etxerako trena hartu baino lehen emazteari opariren bat erosi behar diola bururatu zaio. Izozki denda dotore batera sartu da. Nobedade handia da beraientzat izozkien hori. Sekula bat probatu gabeak dira. Eta erosi du, kukurutxo eta guzti, denik handiena. Sartu du patrikan bere izozki hori. Eta iritsi da, halako batean, etxera. Emazteari oparia emateko eskua sakelan sartzearekin biraoka hasi da: «Ze, ordea! Hiritar zikin horiek sartu didate ederra! Izozkia lapurtu eta gainera pixa egin didate patrikan!».
Hain txarra iruditzen zitzaidan txiste horrek bere baitan ikasgairen bat bazeramala pentsatu nuen gerora, pertsona fidagaitzak ezagutuz joan nintzen ahala. Behin horrelakoren bat gertatu zaiona atezuan ibiliko da bizitza osoan zehar.
Egun, sare sozialetan edo telebistako eztabaida horietako bat harrapatzen dudanean, entzutean lurraren lautasuna defendatzen dutenak edo klima aldaketarena nahiz COVID-19arena asmazio soil direla diotenak, adinak barkaberatua segur aski, adimen soila atzenduta, adimen emozionala hartzen dut aintzat. «Honi ere norbaitek, noizbait, izozkia lapurtu eta sakelan pixa egin zion», pentsatzen dut.