andoni egana

Itzultzaile

2024ko irailaren 27a
05:00
Entzun

Veracruzen geunden, Mexikon. Egin nituen ordurako bi-hiru bertso saio. Koldo Tapia adiskidea oso itzultzaile ona zen, baina bertsoa itzulgaitza da. Azken saiorako taktika aldatzea erabaki nuen. Nire bertsoa neuk itzuliko nuen gaztelerara. Bertakoek gaia jarri zidaten, eta hasi aurreko segundoak bertsoa gazteleraz pentsatzeko erabili nituen. Bukaera buruan nuela, euskaraz hasi nintzen kantuan, deus pentsatu gabe. Euskaraz bota nuen bertsoa, ohikoa baino eskasagoa. Baina horrek ez zion axola. Gero, itzulpenari ekin nion gazteleraz: «He dicho que...», errima eta guzti, ordura arte baino askoz gehiago luzitu nuen.

Itzultzailea izan zen lurralde haietan Malinche deitzen zioten emakume hura ere. Saldu egin zioten Hernan Cortesi. Ederra, ausarta eta azkarra izateaz gain, bazuen ezaugarri bat. Bi erreinuen mugan jaioa zelako bazekizkien bai azteken eta bai mayen hizkuntzak. Eta hura erabili omen zuen Hernan Cortesek konkistarako. Orduz geroztik, Malinche bada norbait Mexikon. Octavio Pazek aipatu zuen literaturan. Diego Riverak islatu zuen bere artelanetan... Pertsonaia kontraesankorra, Aberriaren amatzat hartu zuten batzuek; saldutzat, galdutzat, beste askok.

Claudia Sheinbaum izendatuko dute presidente datorren astean. Espainiako erregea ez dute gonbidatu ekitaldira. Ulertzen dut arrazoia. Itzulpen premiarik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.