andoni egana

Itxaronaldia

2024ko apirilaren 11
05:00
Entzun

Irribarrea loratu zaio albisteetan datuak irakurri dituenean. Osasunbideko itxaron zerrendetan 76.363 nafar ageri dira. Osasun kontseilariak berak aitortu du. Eta 76.363 horietatik ia bederatzi mila dira operazio kirurgikoren baten zain daudenak. Hori da berari interesatzen zaion datua. Ia bederatzi mila! Primeran! Behingoz, zortea alde jarri zaiola sentitu du. Mikel lankidea baita bederatzi mila horietako bat. Eta berak ez du lantokira itzul dadin nahi. Zenbat eta beranduago, beretzat hobe.

Urteak zeramatzan Mikelek belauneko minez. Gainera, gizen zegoen oso, eta ez zen bere lana ongi burutzeko gai. Duela zortzi hilabete baja hartu zuen. Eta berari orduan zabaldu zitzaizkion zeruetako ateak. Ordura arte astean 20 orduko kontratupean ari zen lanean eta horrek bizitzeko ere ez zion ematen. Mikel falta denetik 40 ordura aldatu dute, eta orain erosoxeago bizi da, erosketak egitean honi edo hari eskua luzatzeko beldurra uxatuta.

Badaki bere ezina ez zela lankidearen errua, enpresaren zuzendaritzarena baizik. Baina berari ongi datorkio haren itxaronaldi luzea. Gauzak ez dira horrela, baina horrela daude, bai. Eta sistema, apurtzekotan, apur dadila osorik. Osasunbidearen geldotasunak mesede egin dio bere buru-osasunari. Bera behartzen den arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.