Poetikoki zuku handia atera diogu itsasoari. Gure kantuak lekuko. Ondarroako itsas-bazterrarekin egiten zuen amets itsas-gizonak; goizeko ordu bietan esnatzen ziren mariñeruak urrutira joateko; aita arotza zuten etxean ere, itsasoan urak handi ziren; Saseta eta Txikiaren loa kantatzeko Kantauri itsasoa harro zedila eskatzen genuen; hurrena, berriz, laino sumatzen genuen Baionako barraraino; orain itsasoa gara; itsasoari begira... Atzerrira ere itsasontzi baten eramaten gintuzten!
Beti da poetikarako sasoi egokia. Baina zientziari ere begiratu behar genioke. AZTIk, Arrantzuarekiko Zientzia eta Teknologia Iraskundeak, txosten bat argitaratu berri du, eta egoera kritikotzat jo du. Klima aldaketak euskal kostaldean sekulako eragina izango omen du. Itsas-espezie eta gainerakoetan izan dezakeena gutxietsi gabe, itsas mailarenak kezkatzen nau ni. Mende amaierarako itsas maila 65 zentimetro igo omen daiteke. Horrek portuetan, dikeetan eta itsas pasealekuetan sekulako eragina izango luke...
Zientziarekiko bi aukera ditugu arlo horretan ezjakinak garenok. Dakitenei sinetsi ala ez. Sinesbera naiz ni. Baina kosta egiten zait umetatik ezagutu dudan paisaia bat guztiz eraldaturik irudikatzea. Nolanahi ere, ziur nago itsasoari kantari segituko dugula.