andoni egana

Irribarrez

2024ko urtarrilaren 26a
05:00
Entzun

Jendaurreko jardunean, gehien-gehienetan, abstraktuak baino indar handiagoa du konkretuak. Inork sekula bota ez duen ideia bat azaldu behar duenak abstrakziora jo beharko du segur aski. Baina inork inoiz bota gabeko ideiak oso gutxiri sortzen zaizkienez, abstrakzio hutsari aurre egin behar dion ikus-entzuleak lokartzera joko du. Konkretuak erakartzen du arreta. Konparazio soil batek; ondo jarritako adibideak...

Irribarrea marraztu dit goiz osorako Felix Soto, Ulia auzo elkarteko presidenteari berripaper honek egin dion elkarrizketa irakurtzeak. Donostiako Gros auzoan Basque Culinary Center eraikitzen ari den egoitzaren aurka dago, eta ahobizarrik gabe mintzatu da. Proiektuaren alternatiba bat aurkeztu ziotela udalari, baina ez zela, nonbait, dirurik. «Unibertsitate publikoko ikertzaileak greban egon ziren iaz. Haientzat ere ez zen dirurik. Bitartean, hauek, Arrautza Frijituaren Nobel sariaren bila arituko dira». Konkretua. Kokotekoa. Eta txispaduna.

Baina belarrondokoa gero dator: «Batzuek diote Amenabar EAJrena dela; besteek, EAJ dela Amenabarrena. Batzuetan zentzua hartzen diot». Batzuek eta besteek diote, eta berak, batzuetan, zentzua hartzen dio. Azkarra. Abstraktuak logura du mehatxu; konkretuegiak epaitegia. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.