Aspaldi batean, duela 728 urte, urtarrilaren zortzitik bederatzirako gauean, izugarria gertatu zen. Jatorri germaniarra zuten bi familia boteretsu elkarrekin etsaiturik zeuden. Europako iparraldean hasi xextran, eta borroka Mediterraneo itsaso ertzeraino eraman zuten. Han, greziarrek Moïnakos deituriko paraje batean, gotorleku bat zuten familia batekoek. Bestekoek huraxe desio. Baina gotorlekua ez zen atzeman erraza. Francois Grimaldi eta bere lehengusuari otu zitzaien sarbidea lortzeko modua. Frantziskotar fraideen arropaz inguratu ziren gotorlekuaren sarrerara. Zelatariei susmo txarra uxatzeko nahikoa. Atea zabaltzean, fraide arropen azpian zeramatzaten ezpatak atera zituzten eta horrela lortu zuten gotorlekua bereganatzea. Aurrerantzean eurak izango ziren Printzerri hartan agintari. Ipuina dirudi. Ez da.
728 urte. Artean Gipuzkoako hiribildu asko sortu gabeak ziren; Boccacciok ez zuen Decameron-ik idatzi artean, ezta Cervantesek El Quijote-rik ere; artean Nafarroa ez zen Gaztelaren parte; Van Goghen jaiotza urrun zegoen; are urrunago futbolarena; pianoak ere ez ziren piano duela 728 urte.
Ipuina zirudiena ez zen ipuin. Oraindik ere, Printzerriko agintari nagusia grimalditarra da, Alberto II.a. Zergatik irauten dute gauza batzuek hainbeste, mundua goitik behera aldatuz doan bitartean?