andoni egana

Irailerako

2024ko uztailaren 18a
05:00
Entzun

Oporren ondoren konponduko dugu jarioa daukan sukaldeko iturria; oporretatik bueltan ekingo diogu izeba zaharra zaintzeari; irailean aurkeztuko dugu ekainerako bukatu behar genuen lan hura; oporren ostean joango naiz Kutxara nire ustez oker egin didaten eragiketa baten azalpen eske; oporretatik bueltan serio hitz egingo dugu gure arteko harremanaz...

Ez dugu horrelakorik egiten. Larrialdiak sortzen direnean, txiki zein handi, inori ez zaigu bururatu ere egiten atzen daitezkeenik. Oporren aitzakiarik ez dugu behintzat jartzen. Oporrak izan daitezke eten; ez sekula hainbesteko erreten. Politikan salbu. Urtero gertatzen da, eta urtero mingosten naiz. Atzoko berria: «EAJk alderdiekin bilerak egingo ditu uda ostean, estatutu berri bat ontzeko». Premia larria bada ez dago uda pasatzen uzterik. Eta uda pasatzea onartzen badu, hain premia larria ez den seinale. Eta ez naiz ni izango zenbaterainoko larritasuna duen erabakiko duena. Baina beraiei soldatan doakie nonbait larritasun plantak egitearena...

Eta bitartean, EHUk antolaturiko udako ikastaroetan, Legebiltzarra eta herritarrak «konektatzean» datzala gakoa esango digute politikariek aho batez. Baina jakina, ereduari segika, lehenengo «deskonektatu» egin beharko dugu urte sasoi honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.