Kontxako Banderaren hilabetea izango da zenbaitentzat; Zinemaldiaren hilabetea beste zenbaitentzat. Egunkariak lehengo lodierara itzultzen dira. Hego Euskal Herrian behintzat, jende asko lantokira. Bada zerbait iraila. Urtearen hasiera ospatzeko ohitura dugu. Urtearen bukaeran eta berriaren hasieran galdetzen digute gai jartzaileek —urtero-urtero— ze asmo dugun urte berrirako, zeri egingo diogun uko eta zeri heldu nahi geniokeen.
Baina egiari zor, ez gara urtetik urtera bizi, ikasturtetik ikasturtera baizik. Irailarekin erabakitzen dugu hizkuntza bat ikasteari ekitea; kirola egiten hastea; elikadura ohiturak aldatzea... Irailean ematen da izena euskaltegi, hizkuntza akademia, kiroldegiko ikastaro eta gainerakoetan. Irailak gero eta zama handiagoa du gure bizitzatan.
Ederra da iraila, datorrenaren pisuak ikaratzen ez bazaitu. Eta horretan, nerabeak behar genituzke eredu. Erreparatzen badiozue, iraila nerabeen hilabetea da. Gurasoekin oporrak purrustaka pasatu ondoren lagunartea amets, eskolan artean estutu gabe, eskolaz kanpoko jardunetan hasteke, eguna luze... Taldetxoka sumatuko dituzu, hemen batzuk, han beste batzuk, harantzago beste talde bat. Gustura egoten natzaio begira haien estutasunik ezari. Entzuteak ematen dit min. Gure herrian, duela hamabost edo hogei urte baino erdara gehiago sumatzen dut euren artean...