Gurasoen etxean aisa froga daiteke. Iparraldera ematen duten gelak nabarmen hotzagoak dira hegoaldera ematen dutenak baino. Ez dago mendizale aditua izan beharrik horretaz ohartzeko. Hemen, hegoa goxoa da gehienetan eta iparra bortitza. Begiratu besterik ez dago non hartzen duten babes lotarako etxegabeek.
Mendian, mendi garaietan batik bat, ongi bereizten dira aldeak. Eta iparraldea izaten da gehienetan igoera-jaitsierak egiteko lakarrena, zailena, arriskurik handienekoa. Urrutiegira joan gabe, hor dauzkagu Aizkorri edo Anboto. Iparraldeek badute bere mito kutsua, beste aldeek ez dutena. The North Face du izena mendizaleentzat arropa, bizkar-zorro eta gainerakoak ekoizten dituen enpresa erraldoiak. Zerbaitengatik. Paradoxikoa bada ere, duela ia 60 urte, enpresa hau itsas mailan sortu zuten, San Franciscoko badiaren inguruan...
Paradoxikoagoa da, ordea, atzo egunkari honetako lehen orriko argazkian ageri dena. Kanporatua izateko arriskuan dagoen Moussa Diagne senegaldarra ageri da. Eta soinean daraman kirol-jertsearen bularraldean argi ageri da: The North Face. Senegaldik iparraldera, Europara, abiatu zen garaian ez zuen asko usteko, baina alde hau lakarra da, zakarra, pikoa eta arrisku handikoa, bertako askorentzat eta kanpotik datozen gehienentzat. Eskerrak txantrearrak dauzkan Kanpamentu Nagusian!