Ez zait gertukoegia edonon negozio hobi bat sumatzeko gai den jende klasea. Baina onartu behar dut, honi zehazki miresmen handia diodala.
Jakin berri dugu, Bizkaiko hainbat beilatokitan, urte batzuetan zehar gainera, frantziskotar faltsu bat ibili izan dela hildakoari azken hitz eta errezoak eskaintzen. Carlos izena zuela esaten zien familiartekoei, eta frantziskotarra zela baina ez agustinoa, agustinoak pelma samarrak direlako. Elizbarrutiko agintariak noizbait konturatu dira euren tartekoa ez zen bat ari zela eurena zen lan hori egiten. 100 euro kobratzen omen ditu egiazko elizgizonak zerbitzu hori ematearren, eta diru hori komunitatearentzat izaten omen da. Ez dakit Carlos tarifa berean moldatzen zen. Kobratuak kobratu, bere sakelarako izango ziren sosak seguru seguru. Ez dute harrapatu oraindik, eta ez dezatela harrapa. Hori egiten duenak badu irudimena eta badu premia. Biak.
Fraide faltsuaren istorioak erakarrita, baliteke bere hiletarako zeremonia zibila aurreikusten zuen ziniko adarjotzaileren batek —esaterako neuk— iritzia aldatzea. Munduan deus ez dela dirudiena sinetsita, hobets dezake fraide faltsu baten jarduna, errezatzen hasi eta irrigarriki totelduko dena eta bukaera-bukaeran Xabier Leterena edo Rimbaudena dela esan, eta berak sorturiko poema hantusteko txar-txar bat irakurriko duena.