Pena eman nahian edo, orain justu samar dabiltzala aitortu zizun. Sosez ari zen. Esan zizun alokaturik daukaten halako kaletako etxeko maizterra sarritan berandutzen zela ordainketan. Eta halako kaletan daukaten lokala hutsik zegoela azken hilabeteetan, nork alokatuko zain, ez ziela ematen buruhaustea besterik. Ez zenuen pena izpirik sentitu...
Kalean zindoazten, eta ezin zitekeen begiratu batera antzeman biotan nork zituen ondasun horiek, eta nork ez. Asko hitz egiten baita «putre funtsez», jabe aberats-aberatsez, eta gutxi kidetzat daukagun jabe txikiago horretaz. Baina beti hala izan da. Batzuek gehixeago daukate eta besteek gutxixeago. Eta gehixeago duenak inoiz erabaki badu dirua mugitu egin behar dela, koltxoipean usteldu baino ez dela egiten, etxebizitza balio segurua dela... arrakala sakondu baino ez da egingo. Eta han ibiliko gara, kuadrilla berean, jabeak, maizterrak dituzten jabeak eta maizterrak. Guztiok berdinak bagina bezala!
Hala zioen atzoko albiste nagusiak: «Alokairuak berritzean, prezioak ezingo dira %2,2 baino gehiago igo Hego Euskal Herrian». Erreferentziako indizea hilero berrituko omen du Espainiako Estatistika Institutuak 2023ko maiatzaren 25etik aurrerako kontratuentzat. Herritar batzuek —uste baino gehiagok eta uste baino hurbilagokoek— euren kexua azalduko dute. Errua beti gobernuak dauka...