Duela 30 urte hor nonbait. Itzulia Zegama edo Seguratik abiatu zen. Euskaldunon Egunkaria-ri tarte bat egin zioten tropelaren osteko propaganda karabanan, eta han gindoazen gu ere, autoan, nobedade orok sortzen duen pox horrekin. Lehen aldiz, boligrafoak geneuzkan, Euskaldunon Egunkaria-renak, bide bazterretako txirrinduzaleei nahieran banatzeko. Eta pinak ere bai, paparrean jartzeko horietakoak. Jendeak eskatu eta guk eman, eskura eta banaka ematea ezinezko bihurtu zenean, atzaparkadak botatzen genituen bide bazterrera.
Autoan generaman barne-irratiz entzuten genuen zerbait gertatzen ari zela. Taldeetako autoei sarri-sarri deitzen zieten tropelera. Zenbat zulatu hain epe laburrean! Harik eta Itsasondo parean antolakuntzako bat errietara etorri zitzaigun arte: «Zer ari zarete? Galdu al duzue burua?». Guk botatako pinak, lurra jotzean, askatu egiten ziren eta iltzetxoa bistan geratzen zitzaien. Ez zen modurik egokiena Euskaldunon Egunkaria nazioartean ezagutzera emateko...
Itzulia abian da berriz ere. Ibilbideari begiratu diot eta badu Korrikarenaren halako antz bat. Gaur Iparraldean dabiltza. Seinale ona. Ez goaz denean okerrera. Karrera zaintzeko hiru polizia desberdin behar ez den eguna izango da ederra...