andoni egana

Ilargian

2023ko azaroaren 28a
05:00
Entzun

Ea entzuterik ere ez nuen. Ezetz. Ea non bizi nintzen. Larunbat eguerdia zen, eta onartu berri nion, ondoan egokitu zitzaidan EAJko alkate bati, ez nuela Imanol Pradalesen arrastorik ere, ezusteko handia zirela niretzat albistearen unea eta muina. Ez naiz buru txarrekoa izen-deituretarako, baina ez zitzaidan ezaguna egiten Imanol Pradales, eta ez nuen espero nik ezagutzen ez nuen inor lehendakarigai izan zitekeenik. Hirurogeita hamabostean jaioa zela esan zidaten...

Eta horretan, apal diot, oso naiz ona. Jaiotza urteekiko badut halako obsesio bat, ia Borgesen Funes el memorioso hura bihurtzen nauena. Hirurogeita hamabosta da gainera, nire urterik kuttunenetako bat. Urte horretan jaioak bereizi egiten ditut. Aresti hil baino lehenago jaioak, Aresti hil ondoren eta Franco bizi zela jaioak, eta biak hil ondoren sortuak. Larunbatean goizean goiz esan izan balidate lehendakarigai bat hirurogeita hamabostean jaioa zela, Ander Izagirre etorriko litzaidake burura lehen sailekoen artean; Harkaitz Cano, Igor Elortza eta Estitxu Fernandez —errolda aldaketa bat egin beharko zukeen segur aski— bigarren sailekoetan; Aitor Mendiluze da hirugarren sailekoa... Badakit. Nire mundua, maite ditudan horiena, oso txikia da.

Non bizi naizen? Ilargian. Eta ondo gainera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.