Egungo mapek ito egiten zaituzte. Zeure onetik atera. Albisteen norantzak zerikusi handia du. Estutzen hasten zara ez dakizulako zure autoarekin Donostian noraino sar zaitezkeen; larritzen, zure gertueneko mapa apartamentu turistikoz betea sumatzean; iparraldeko kostaldeari ere izuz begiratzen diozu ez dakizulako noiztik aurrera beharko duen autoak itsasgarri jakin bat…
Arnasa ematen dizu jakiteak badirela bestelako mapak ere. Esaterako, herenegun aurkeztu zuten Juan Martinen bidea, Kutsidazu bidea, Ixabel liburuan oinarritua eta Hernialdeko baserri batetik Alkizako plazara doana. Bide hura egiten zuen liburuko euskara ikasleak…
Erabaki duzu gainera, ibilbide horiek, ezarriak izan gabe, izan daitezkeela zuk zeuk sortuak, zure gustu eta interesen arabera. Batek Altzatik Goizuetara joko du, mendiz, Txirritaren herio bidea egitera; beste batek jo dezake itsasoz Txurikorena egitera, istorioari bukaera aldatuz, jakina; beste batek bere arbasoen bidea egin dezake, aitona-amonen baserriak lotuz; egin daiteke Angiolilloren bidea, Gesalibartik Bergarara…Aisiartea kontsumoarekin erabat lotua daukagun honetan, bideak izan daitezke ihesbide. Alegia, Garberara joatekotan, saiatu merkatalguneari izena ematen dion baserria non zen aurkitzen. Baserri hartan bazen bertsolari bat, norbaiti labankada bat jo, eta preso eraman zutena…