Gure herrian ez dugu ibairik. Erreka bat baino ez, garai batean zuen kiratsarengatik herritarrek Rio Peste izendaturikoa. Ezak eragina du. Dirudiena baino handiagoa. Ibaiek logika bat eransten diote lurraldeari. Ni, esaterako, arraro sentitzen naiz Urola-Kosta izendapenaren baitan...
Afrikak baditu ibaiak, jakina. Zazpi nagusiak —umetan Imanol Urbietarekin kantuan ikasi genituelako bizitza osoan ahaztuko ez ditugunak— Nilo, Kongo, Niger, Senegal, Zambezi, Orange eta Limpopo. Ibai horietan gorantz abiatuta osatu ahal izan zuten Afrikako kartografia. Eta behin kartografia begien bistan edukita, askonahia denari segituan pizten zaio bereganatu nahia. Ibai horietan gorantz eta beherantz merkantziekin ibili ahal izatea garrantzitsua zen komertziorako, lurrak eskaintzen zituen aberastasunak ustiatu ostean garraiatu ahal izateko. Ibaietatik abiatuta egin zuten Afrikaren banaketa europarrek. Interesdun estatuak asko ziren, harrapakina handia zen, eta banaketa bilera izugarri luzatu zen. 1884ko azarotik 1885eko otsailera arte. Hiru hilabete eta erdi.
Bilera hari buruz ari zen Joel Akafou zinemagilea «Berlingo konferentzia izan zen Afrikaren akaberaren hasiera» zioenean. Afrikako ibaiak: lur idorren ongarri eta harraparien sarleku.