andoni egana

Hotsak

2025eko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala Donostiako Belodromoan, 1993ko abenduan. Iluntzean, bakarka ari zen Aritz Lopategi. Kantuan ari zela, suziri hots bat. Entzuleen marmarra. Handik gutxira bigarren suziri hotsa. Eta entzule askoren poz oihua, bat-batekoa, pentsatu gabea, bertsolariari sustoaren sustoz jarduna eteterainokoa.

Batzuek ulertzen zuten zer ari zen gertatzen. Besteek, Aritz barne, ez. Belodromotik metro gutxira, Anoeta zelai estreinatu berrian, Reala eta Real Madril ari ziren ligako partida jokatzen. Donostian ohitura bat bazen aspaldikoa, oraindik dirauena. Kanpotarren gola suziri batez iragartzen da; etxekoena, bi botata. Irratirik eta sakelakorik ez zen garaietan, lehorretik hurbil zebiltzan arrantzaleek futbol emaitzaren berri izan zezaten asmaturiko xixtema zen…

Getarian, udalak erabaki du atzendua zegoen ohitura zahar bat berreskuratzea. Garai batean, moilara arraina sartzean, sirena hotsaren bidez jakinarazten zitzaien herritarrei. Sirena hots bakarra, antxoa. Bi sirena hots, beste arrain klaseren batzuk. Kanpandorrean jarriko dute sirena, eta haren hotsak adieraziko die herritarrei arrainik sartu den eta zer den sartu den arraina. Ginena ere bagara, eta ideia polita iruditu zait. Norbaitek esan dezake gaur egun ez duela eraginkortasunik. Baina ze ederrak diren eraginkortasun nabarmenik gabeko gauzak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.