Inorentzat ez da erraza izaten ari. Sagardogileentzat ere ez. Duela bi urteko txotx denboraldia erdi-erditik eten zuen pandemiak. Iazkoa oso nolabait joan zen. Eta aurtengoan ere, badira neurri murriztaileak. Ez dauka nahi duenak eta nahi duenean eta nahi duenarekin txotxera hurbiltzerik... Ohiturak egokitu, eta datorrenari heldu beste irtenbiderik ez da geratzen.
Sagardoari buruz azken urteetan gehien abestu den kanta etorri zait gogora gaur goizean. Leloan «kupela, kupela, sagardoen hotela» dioen hura, metaforaren mailari ez erreparatzeko adina txurrut egin ondoren, gehienok noizbait alai asko kantatu izan duguna.
Harrigarri gertatu zitzaidan hasera hartan, Angel Larrañaga lagunak kupelak sagardoen hoteltzat hartzea. Harrigarriagoa da oraingoa. Erkidegoan, hoteletan sartzeko ez da COVID ziurtagiririk erakutsi behar izango, fiskaltzak atzera bota baitu Eusko Jaurlaritzak egindako eskaera. Konparaketa mingarri ere izan daiteke: sagardotegietan sartzeko ziurtagiria behar da eta sagardoen hotelera ez dago taldean arrimatzerik. Hotel hoteletan sartzeko ordea, ez dute ziurtagiririk eskatuko. Eta asko gara hotelerako baino kupeletarako joera handiagoa dugunak. Norbaiti, giri-ak ziurtatzeak axola dio ziurtagiriak baino gehiago...

HITZ ETZANAK
Hotelak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu