Ez nuke jakingo modernitatea definitzen. Ea nor ausartzen den! Zerbait balitz, gu hara noiz-nola iritsi ginen oso gogoan dut.
Hamasei-hamazazpi urte genituela, txikiteoan, herriko tabernarik zaharrenetako batera joateko ohitura genuen. Tabernako horma batean, koadro batean sarturik, Basarriren bi bertso idatzi zeuden, txistua eta danbolinari buruzkoak. Eta ohitura hartu genuen kuadrillan joan aldiro haiexek kantatzekoa. Baina Errobiren Telebista-ren doinua erabiliz. «Euskal Erriko gauzak baitira, danboliña ta txistua!». Bertso nekez klasikoago haiek doinu ikasi berri eta imintzio rockeroz kantatzeak sortzen zigun halako pox bat. Ez genekien zer, baina bagenekien barrabaskeria txiki bat egiten ari ginela. Bazihoan mundu bat eta bazetorren beste bat. Eta grazia egiten zigun biak nahasteak... Gainera, guretzat, haizea zetorren, iparraldetik.
Maiatzean Errobik kontzertua eskainiko du Bilbon, taldearen sorreraren mende erdia ospatze aldera. Ez da alferrik joan hainbeste denbora. Itxuraz, den-dena aldatu da 50 urtean. Edo ez. Mixel Ducauk hala esan du: «Hitzak gaur-gaurkoak dira oraindik ere». Eta «zoritxarrez» erantsi dio esanari. Anje eta Mixeli ez ezik, Daniel Landarti zorionik beroenak luzatzeko adina arrazoi bada hori...