andoni egana

Hondarrak

2024ko uztailaren 11
05:00
Entzun

Inozentea zeharo, nortasun agiriko zenbakiari lehen aldiz letra bat erantsi ziotenean, nirea Z zenez, Zarautzi zegokiola pentsatu nuen. Oso gerora jakin nuen letra hori asmo jakin eta maltzurragoaz ipinia dela. Kontrola. Nortasun agiriaren zenbakia —nahita edo nahi gabe— oker ematen baduzu, segituan antzemango diote, zenbaki bakoitzari letra bat baitagokio. Zortzi zifrako zenbaki hori 23tan zatitzen dute eta soberan geratzen den hondarrak aldez aurretik dauka letra bat izendatua. Egin dut proba eta halaxe da. Niri Z dagokit. Baina tokitan dago Zarautz!

Erabateko kontrol horren ifrentzuan, hedabide batean irakurri dudan ume baten kasua. Ez da inongoa. Ez da inor. Ez du ez zenbaki, ez letrarik. Ama Kamerundik abiatu zen Europarako asmoz edo, eta Marokoko hegoaldeko txabola batean izan zuen haurra, ez mediku, ez emagin, ez paper eta ez ezer. Mila peripeziaren ondoren, iritsi ziren noizbait Donostiara. Haurra koxkortzen ari da baina ez du inongo nortasun agiririk. Horrek mediku arreta, eskolaratzea eta beste hainbat eskubide ukatzen dizkio. Abokatuek, sekulako buruhausteen ondoren, aurkitu omen diote irtenbideren bat...

Gu eta haiek. Zeinen desberdinak! Gu, zatiketen hondarrek identifikatzen gaituzte. Haiek, guk sorturiko zatiketen hondarrak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.