andoni egana

Hogeita bi

2024ko urriaren 13a
05:00
Entzun

Hogeita bat urte baino ez zenituen espediziorako hautatu zintuztenean. Poz hartu zenuen. Norbaitek erreparatu zion goi mailako kirolerako zenuen gorputz doitu hari. Urtebete lehenago, ez zenuen alferrik irabazi Oxfordekin, Cambridge-ren aurkako estropada entzutetsua!

Buru-eskuak ere ez zenituen edozeinenak. Ingeniaritza ikasketak bukatu gabe artean, trebezia eta sormen handia erakutsiak zenituen ordurako. Hegazkinetatik ametrailadorekin tiro nola egin helizeak ukitu gabe. Horretan aritu zinen azken boladan. Ez dirudi xarma handiko lana, baina Lehen Mundu Gerra bukatu berritan kontu garrantzitsua izango zen hori Britainia Handian. Gainerantzean, trebea eta irudimentsua omen zinen edozein aparailuren erabilerari zegokionez. Horrexegatik hautatu omen zintuen Malloryk azken saialdirako kidetzat. Oxigeno bonbonen funtzionamendua inork baino hobeto menperatzen zenuelako.

Orain, Irvine, zure bota bat eta galtzerdi bat aurkitu berri dituzte Everesten. Denek ehun urteak aipatzen dituzte. Inork ez zure hogeita bi egin berriak. Eta denak zure argazki kameraren bila dabiltza. «Bestekaldean zer dagoen ikusi ahal izateko» erantzun zuen behin mendizale batek hain mendi garaietara zergatik igotzen zen galdetu ziotenean. Guk, zuk bestekaldea ikusi zenuen ikusi nahi dugu. Gureak, emozioak ere, bigarren eskukoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.