andoni egana

Hogei urte

2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

Bera ez zen konturatu ere egin. Nola ba! Azken boladan lanez gainezka zebilen. Lantegi txiki batean aritzen zen, lan-karga handia sartu zitzaien, eta nagusiak ea orduak sartuko zituen eskatu zion. Umetako laguna zuen eta ezin izan zion ezezkorik esan. Gainontzean, Realari segika ematen zituen libre geratzen zitzaizkion orduak. Azken urtean izana zen Londresen, Erroman, Bratislavan eta Zurichen Europa liga zela eta. Ez zen ezertaz jabetu bikotekideak eskolatik deitu zietela esan zion arte.

Eskolan, irakasleak, ikasketaburuak eta zuzendariak argi hitz egin zieten. Antzemanda zeuden euren seme Ikerri bullyinga egiten ziola gelako mutil kuadrilla batek. Ez zegoen dudarik. Ikasgelako kamerek hala salatzen zuten; mahaipe bakoitzean jarritako mikrofonoek ere bai; eta baita haur bakoitzaren jarraipen monitorizatua egiten zuten bihotz-taupaden zenbatzaileek ere. Sutu egin zen. Bere semeari bullyinga? Ez zegoen eskubiderik. Bere umearentzat babes handiagoa eskatu zien eskolako agintariei. Eta errudunentzat zigorra. Ez zen jabetzen baina asimilatuta zegoen guztiz. Besteen antzekoa zen. Berdina.

Ez zuen horrelakorik pentsatzen, hogei urte atzera, San Joan gau hartan, erne nork ibili behar zuen idazten ari zen unean. Bazekiela uste zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.