Gazteleraz, ez da asmatu zaharra bajaciones hitza. Edonork ulertzeko moduko hitz jokoa da. Biltzen ditu lanerako ezgaitasuna eta oporrak. Zaudete ziur ugazabaren batek asmatua dela. Langileak belaun-katilua hautsi duela erraz froga daiteke. Baina depresioak jota noiz dagoen, noiz angustiak gain hartu dion edo noiz ez duen bere burua lantalde baten partaide sentitzen frogatzea askoz ere zailagoa da. Eta horiek ere gaixotasuntzat hartzen dira egun. Nagusiek, ordea, susmo txarra hartzen dute langileren batek gisa horretako bajaren bat hartzean. Baja aldia oporraldi dela pentsatzen dute, eta detektibeak jartzen dizkiete langileei, euren depresioa edo dena delakoa egiazkoa den frogatzeko. Pikareskak bide luzea egin du izan ere gazteleraz…
Gurea desberdina da. Gurean, gazteleratik zetorren hitza geureganatzean, bakazioei barkazioak deitzen hasi zitzaion bat baino gehiago, inolako jolas asmorik gabe, lana berezkotzat ulertzen zuelako. Lana sakratua zen nonbait. Eta lanari uzteko baimena, goragoko norbaitek eskuzabaltasun handiz eskainitako barkamenaldia. Ez dakit zer den okerragoa, pikareskatik datorren susmoa edo kristautasunetik datorren egin behar hori…
Akaso, latinak berak du errua. Vacare aditzetik datoz ondorengoak. Eta vacare-k esan nahi omen du zereginik gabea, hutsa. Eta, niretzat, ez dira gauza bera…