andoni egana

Hirukoa

2024ko apirilaren 26a
05:00
Entzun

Hizkuntzek, bizirauteko, berritu beste irtenbiderik ez dute izaten. Eta, zorionez, euskaraz ere entzun izan diot bati baino gehiagori «hiruko bat jaurti du» esamoldea. Saskibaloitik dator, jakina. Adierazten du, egoerak estuturik, asko arriskatu eta emaitza ziurrik gabeko zerbait esan edo egin duela, asmatuenean, saria ere handia delako.

Gaztetan saskibaloian aritua da Pedro Sanchez, Espainiako presidentea. Asteazkenez, hiruko bat jaurti zuela irudituko zitzaion zenbaiti. Baina a zer hirukoa! Jaurti, eta baloia saskiratzen zen ala ez ikusi aurretik hartu zuen aldagelarako bidea. Eta ez publikoak, ez arerioek eta ez taldekideek ez dakite berriz partidara itzuliko den.

Aldagelara iritsi orduko, garai berriei oso atxikia, gutun bat idatzi eta sare sozialen bidez eman zuen bere jarreraren berri. Ekintza bezain harrigarri iruditzen zaio ni bezalako bati jakinarazteko modua. Kontu garrantzitsuak aurrez aurre jakinarazi behar direla ikasi zuen belaunaldi batekoa naiz. Gainera, sare sozialaren izena X da. Eta ni, Espainiako presidente banintz eta PSOEkoa, X horretatik ahalik eta gehien urruntzen saiatuko nintzateke. Ahaztua dagoela X hori esango dit askok. Ez du zertan. Garaikideak dira, 1983-84koak, GAL eta hiruko saskiratzea Europan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.