andoni egana

Hiru hitz

2024ko apirilaren 21a
05:00
Entzun

2020ko martxoko ostiral eguerdi hura etorri zitzaion gogora. Ordu biak inguru ziren eta hiru hitz jaurti zizkien, tinko, zuzendariak. «Igo dena lainora!». Berak, ia hirurogei urte ordurako, hutsune handiak zituen teknologia alorrean. Lankide gazteagoei esker lortu zuten zuzendariaren esana bete eta astebururako etxeratzea. Gero gertatu zen gertatu zena. Pandemia. Itxialdia. Apurka lanera itzultzea. Normalizazioa... Baina hiru hitz haiek iltzatuta geratu zitzaizkion.

Ze informazio zeukaten hasiera-hasiera hartan «goikoek» beraiek ez zutena? Nork edo zerk eraso behar zigula pentsatzen zuten? Zeren beldur ziren? Txagorritxu erietxeko lehen foku harekiko hurbiltasunak kezkatzen zituen? Zer zen zetorkeenari derrigor ezkutatu beharreko hura? Zerbait bai...

Joan zen ostiral eguerdian, ordu biak aldera, zuzendaria hurbildu zitzaien. Lau urte atzera zuen aurpegiera bertsua zuela iruditu zitzaion. Atezuan ipini zen ze agindu entzungo. Une batez, hiru hitz magikoak, «igo dena lainora!» hura berriz entzungo ote zuen otu zitzaion. Baina ez. Xumeago aritu zen zuzendaria. Oso bestelakoak ziren hiru hitzak. «Astelehenera arte... espero dut», bota zuen irribarre tristea eskainiz. Ez zuen lainorik aipatu baina begirada lanbrotua zeraman...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.