Lehiazaleak gara inondik ere. Ahalegintzen gara umeei bestelako balio batzuk txertatzen, baina lehiak bereganatu egiten gaitu, edozer dela ere jokoan dagoena.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretzarako burutu berri diren hauteskundeak dira lekuko. Azken agintaldian hautagai bakarra aurkeztu zen, eta ez dut gogoan zenbaterainoko durundia sortu zen. Aurten bi ziren ordea hautagaiak. Eta hedabideek segimendua egin dute prozesuan zehar, eta lehen orrira ekarri dituzte emaitza eta talde irabazlearen argazkia. Ez da kanpoko begirada kontua soilik. Parte-hartzeak ere, lehia denean, gora egiten du. Nabarmenen, ikasleen parte-hartzeak. Orain urte batzuk %2k hartu zuten parte; herenegun, %14k. Lehiak badu tiradizoa… eta alderdi onen bat ere bai.
Nire hiztegitik kanpo zegoen hitz baten berri izan dut, lehia honen eta lehiari eman zaion zabalkundearen ondorioz: boto haztatua. Boto gastatua, boto askatua, boto nahastatua, boto laztatua, boto nazkatua… ageri ziren nire hitzen erradiografian. Orain, unibertsitateari esker, ikasi dut zerbait gehiago. Irudikatu ditut guraso bi eta bi seme-alaba eztabaida baten ondoren erabakia bozketan hartzen. Bina izan da emaitza. Gurasoek, ordea, eurek nahi dutena egingo dela esan diete umeei. «Zergatik, enpate egin badugu?», kexatu da haur bat. «Hau boto haztatua delako», erantzun dio aitak serio.