Nire pentsamenduen azken egunotako mapan ez zen inondik ageri. Ez naiz ezaxola inguruko berriekiko, baina azken boladako joan-etorriek —sagardotegi, San Anton, San Sebastian…— lanbrotu egin didate nonbait egunean eguneko albisteen jarraipena.
Harritu egin nintzen gizonezko edadetu batek aipamen hura egin zidanean. «Ortuzarrek segi egiten duela e?». Mokorreko mina aipatu izan balit ez nintzatekeen harrituko; Athleticen partida aipatu izan balit ere ez; are gutxiago berriketagai eguraldia izan balitz. Baina Ortuzar? Nondik nora? Banekien gizonezko edadetu hura ez zela jeltzalea. Banekien eskarmentu handia zuela politikako txikikeriek eragin ziezaioten…
Gizon haren buru-mihietan Ortuzar egoteak bi arrazoi izan zitzakeen. Bat: hedabideren batzuek sekulako garrantzia eman zioten Euzkadi Buru Batzarraren agintaritzarako hautagaitzari eta lehen albiste bihurtu zuten. Bi: Ortuzarrek badu nik sumatzen ez diodan tiradizoren bat adin jakin bateko herritarrengan. «Nola izena du?», galdetu nion proba egite aldera. «Zeinek?». «Ortuzarrek…». Txapelari bira batzuk eragin zizkion. Alferrik. Ez zela akordatzen. Erabaki nuen bere interesaren arrazoia ez zitekeela bigarrena izan. Lehenengoa zen dudarik gabe. Gunean jartzea eta zentralitatea hainbat aldiz aipatzen den garaiotan, hedabideek zenbateko erantzukizuna duten bistakoa da…