andoni egana

Hatzez

2024ko irailaren 6a
05:00
Entzun

Latin apurren bat gogoan, begi bistakoa zen hatzarekin zerikusia zuen zerbait zela. Digitala. Edonon aurkituko duzue gaur egun. Industria digitala; Gipuzkoa digitala; ekonomia digitala; mikroenpresa digitala... Hitzak ez dakit, baina hatzak badu nonbait indarra!

Eraldakuntza Digitalerako ministroa zen herenegun arte Escrivá jauna. Gauetik goizera Espainiako Bankuaren gobernadore izendatu dute. Hatz hutsez. Eta hautsak harrotu ditu horrek, jakina. Niri, dagoeneko, haserrea baino gehiago grazia eragiten didate horrelakoek. Gainera, ez dago oso urrutira joan beharrik. Esaterako, Eusko Jaurlaritza berriaren izendapenen zerrenda irakurtzea aski da une eder bat pasatzeko. Hatzez erabakitzen da nor nora doan. Lehen euskara arloan ari zen agintaria segurtasun sailean aurkituko duzu orain. Guztiz logikoa. Garraio sailean zebilena Nekazaritzan eta Nekazaritzan zebilena Justizian. Eta aulki-joko horretan aulki kojorik geratzen bada, asmatuko dute sail berriren bat harentzat ere, berdin da den Hausnarketarako Zentro Digitala edo den Haurnahasketarako Laborategi digitala. Digitala izate horrek asko janzten du hatzez bideratzen den prozesu oro...

Latinak latina ere bazekien, ordea. Digitalis hitzak ez zuen hatza soilik adierazten. Hatzaren lodiera adierazten zuen. Ni, hatzaren lodieratik abiatuta, azalaren lodieraz akordatu naiz...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.