andoni egana

Hasi?

2024ko apirilaren 6a
05:00
Entzun

Behin eta berriz erabiltzen dugu carpe diem esamoldea. Baina egungo joera nagusia justu kontrakoan datza. Aurrea hartu nahi izaten diogu beti datorrenari. Eta datorrenak berea du ezaugarri bat: beti dela letorkeena.

Horixe gertatu zen herenegun arratsaldez Oletan behera txirrindulari puntakoak erori ziren unean. Hasierako sustoa pasatuta, berehalaxe ginen guztiok, zale, esatari, profesional... Frantziako Tourraren irteerara begira. 90 egunera geneukan burua, garai bateko txekeen antzera. Aurrea hartzeari buruz, antzeko zerbait sentituko genuen atzo goizez egunkarietan «hasi da hauteskunde kanpaina» irakurtzean. Aurrea hartu beharraren hartu beharrez, hilabeteak daramatzate hauteskunde kanpainan alderdiek. «Hasi egin dela? Bukatzen oraintxe ari da eta!», pentsatuko zuen batek baino gehiagok.

Aurrea hartze hori ez da beti ona. Galgarri ere izan daiteke. Ofiziotik dakit nik. Bertsotan ari naizela, «Ertzantxa» ahoskatzen badut, ez da mihia trabatu zaidalako. Da pentsamendua ahoaren aurretik kokatu dudalako, eta ondoren esan behar dudan «kotxe», «etxe» edo «txoriburu» horretan daukadalako jada fokua, unean unekoan eduki ordez. Biharko zutabea zeri buruz idatzi pentsatzen hasi naizelako amaituko dut hau txepel...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.