Herenegun, berripaper honetan, «Lemoiz amaitu zen eguna. 40 urte egitasmoa alboratu zela» erreportajea irakurri ahal izan genuen. Batzuontzat gaztaroa gogoratzeko aitzakia ona. Beste batzuentzat gertatu zenaren berri izateko modua. Kronologia xehe bat bazetorren hasi 1972ko apirilaren 18an, eta 1984ko ekainaren 28an amaitu.
Hamazazpi gertaera eta hamazazpi data, xehe azalduak. Horietako batek eman zidan atentzioa: «1979ko apirilaren 23a. Euskal Kontseilu Nagusia erreferendum bat egitearen alde azaldu zen». Euskal Kontseilu Nagusia izan zen Autonomia Estatutuak Eusko Jaurlaritzaren sorrera ahalbidetu aurretik Erkidegoko aginte politiko nagusia. Harritu egin nau datuak. Euskal Kontseilu Nagusia erreferendumaren alde hain argi eta garbi?
Datari tentuz begiratzean ez zait hain harrigarri gertatu datuarena. 1979ko apirilaren 23a. Kontxo! 1979ko martxoaren 28tik hiru astera. Orain bai, ulertu dut Euskal Kontseilu Nagusiaren erreferendumaren aldeko jarrerarena. Hiru aste ziren Harrisburg-ko zentral nuklearrean istripua izan zela. «Harrisburg». Nontsu zegoen ere ez genekienon burutan iltzaturik geratu zen hiri-izena. «Harrisburg». Nuklearren aurka geundenon zutabeak sendotu eta alde zeudenenak pitzatu zituen hitza. Harrisburgekin zorretan gaude...