Akatsak ere badira maitagarriak. Nik, ortografiari edo sintaxiari dagozkionak, ordu-lekuei buruzkoak eta gisakoak ez ditut aintzat hartzen. Kontzeptualak bai. Horiek oso kuttun gertatzen zaizkit. Irungo kazetari xelebre harena, esaterako: «Atzo, Gal futbol-zelaian, Real Unionek zero, Teruelek zero. Atsedenaldira emaitza berarekin iritsi ziren». Gezurrik ez da hor. Soberako egiaren bat akaso...
Horretan oso ona zen Mariano Rajoy, Espainiako Presidente izatera iritsi zen lursail saltzaile hura. «Edalontzi bat edalontzia da, eta plater bat, platera». «Hamalaugarren urtearen ondoren dator hamabosgarrena». «Ez zaidazu deus galdetu, ez dizut entzungo eta. Hartara, ezin esan ahal izango duzu ez dizudanik erantzun».
Soberako egiak botatzen bezain ona ez zen gezurretan, ordea. Egunetan aritu zitzaigun—gobernuko presidenteorde baino ez zen artean— esan eta esan, Prestige-ri zeriona ez zela «plastilinazkoak diruditen haritxo batzuk» baino. Haritxoak hari bihurtu ziren, hariak haritzar eta haritzarrak ehun, Atlantikotik abiatu eta Kantauri itsasoa ere belzteraino. Gaur dira hogei urte txapapote hitza ikasi genuela. Hogei urte, ingurumenarekiko alarma zinez piztu zitzaigula. Eta hau atsedenaldia bada, ez gara zero eta zero iritsi. Galtzen goaz.
HITZ ETZANAK
Haritxoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu