Ez zara gorpuari begira egongo ordubetez. Diosalak, doluminak eta berriketak ere astun gertatzen dira. Akaso horregatik erreparatuko nion, ez bainaiz ni bereziki Artean aditua. Eta konturatu egin nintzen. Horma zuri-zurian eskegita zegoen artelan haren erreprodukzioa buruz behera zegoen. Claude Moneten nenufarrak nola jarri erabakitzen ez da nonbait erraz-erraza. Beilatoki hartako arduraduna ezagutzen nuen eta esan egin nion: «Buruz behera daukak koadro hori!».
Buruz beherako koadro bakar bat ez da esanguratsua. Orain, artisten lana hankaz gora jarriko duena Adimen Artifiziala da. Eta atzo berripaper honetan irakur zitekeenez, artistak oso kezkatuta daude. Eta haserre. Ulertzekoa. Enpresa eta gainerakoek txartelak Adimen Artifizialari eskatzen dizkiote maiz. Merkeago irtengo zaie. Baina makina haiek elikatu dituena —makinak ez baitu hutsetik sortzen— goseak jango ditu. Eta emaitza beti izango da sormen pertsonalak eskainia baino lauagoa, homogeneoagoa, arimagabetuagoa. Ez du atarramentu onik, itxuraz, arazoak.
Itzuli nintzen, noizbait, beilatoki hartara. Moneten nenufarrek buruz behera segitzen zuten. Arduradunari gogorarazi nion. Argi eman zidan azalpena: «Hemen, buruz gora behar duena buruz gora badago, gainerako ezerk ez du axola».