Leloei begira egon zalea naiz. Nire lanbidearengatik edo, sentipen bat, ideia bat edo jarduera bat hitz adierazkor gutxitara nola ekar daitekeen ikusteak erakarri egiten nau. Lelo egokiak, ez hain egokiak, lelo indartsuak, lelo pindartsuak, inoiz ahaztuko ez ditugun leloak... denetik ezagutu izan dugu.
Bagindoazen lau bertsolari igande eguerdiz Gesalatz bailarako Muetz herrira, errepideko istripu bat zela medio, Irurtzundik aurrera barrualdetik. Bide bihurriagoa autobidekoa baino, baina ederragoa askoz. Herri txiki mordo bat, nahi baino gutxiagotan bisitatzen ditugunak. Eta herri horietako batean —ez dut gogoan zehazki non— pankarta pare bat, horma arreari lotuak. Zortzietatik bi begi zolienek segituan irentsi zuten pankarta haietako baten leloa. Eolikoak haizea hartzera!. Euskaraz ez dagoela egokiago adierazterik erabaki genuen. Non eta han, euskaratik ere ari zela norbait. Laurok aitortu genuen lelo berria zela guretzat, eta euskarak indar handiagoa duen eta eolikoen aurkako borroka purian dagoen lurraldeetan —Azpeitia-Azkoitia-Errezil-Zestoa...— ez genuela artean inon sumatu. Oker genbiltzan akaso eta han sortua bezala eramana izan daiteke.
Gutxienekoa da hori, halere. Guri ez zaigu ahaztuko estreinakoz non ikusi genuen. Tarteka, gutxien ureztaturiko lurretan sortzen dira lorerik ederrenak...