andoni egana

Guztiok

2024ko azaroaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Minetik, hainbestean; pozetik, ongi; tristuratik, gaizki ez. Haserretik sortzen da okerren. Eskarmentuak hori behintzat erakutsi dit. Berdin du zeure buruarekin haserretu zaren edo mundua bera den zure haserrearen arrazoi. Haserretzen zaren unetik, kito. Zureak egin du. Garuna lanbroak hartzen dizunean ez duzu deus lortuko. 

Joan zen larunbatean Valentzian egin zuten manifestazioan, milaka lagun eta ehunka pankarta eta txartel. Eta horietan bat, txikia, bakarrak egina eta besoak altxatuta bakarrak erakusteko modukoa, zinez berezia. Haserreak ez zion egileari garunik behelainotu nonbait. Hala zioen: Ibili ibili eginda, guztiok, geu ginen. Ederra iruditu zitzaidan. Erantzun ezin hobea, guztion artean-ka ahoa bete-bete egiten duten politikariei. Herria herriak baino ez duela salbatuko dioen lelo populista usainekoaren bertsio findua. Hain zuzen ere, guztiok maizen aipatzen dutenak falta izan baitira sarraskiaren ondorengo egunetan. 

Uholdeen osteko bi asteotan gertatuaren inguruan, aho batez goraipatu dute gazteriaren lana. Milaka eta milaka boluntario gaztek erakutsi omen du euren belaunaldia ez dela zioten bezain geza. Kristalezkotzat jotzen zuten jende hori, astegun eta jai han ibili da lokatz artean lanean. Ongi. Joatea seinale ona da. Lanegunetan eta hainbeste joan ahal izatea, ez hain ona.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.